XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hil honetan eta hurrengoan istilu handiak izan ziren Euskal Herriko udaletxeen eta gobernuaren artean.

Haziendarako ministroak, Marracok, Kontzertu Ekonomikoak kendu egin nahi omen zituela eta (ardoari buruzko zergetan ager zitekeen hori), uztailaren 29an, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udaletxeak bildu ziren eta Comisión Interina Municipal para la Defensa de los Conciertos Económicos zelakoa antolatu zuten; ikusten bait zuten Diputazioetako Gestorek ez zutela deus asko egiten Kontzertua defenditzeko, gobernuak aukeratuak zirenez.

Abuztuaren 12an bildu behar zuten berriro, zinegotzi edo kontzejalek Batzorde hori aukera zezaten.

Gobernuak gogor erantzun zuen: Goardia Zibila bidali zuen, alkate eta zinegotzi asko preso hartuz.

Hala ere, Batzorde hori aukeratu zuten eta antolatu abuztuaren 21ean.

Oraingoan ere gobernariek Goardia Zibila bidali zuten eta diputaduak bakarrik bildu ahal izan zuten.

Erantzun bezala, zinegotzi askok utzi egin zuen bere kargua eta beste zenbait bota egin zuten.

1934ko urriaren 4ean gobernuan CEDAko zenbait pertsonaia sartu zen ministrotzarako.

Gobernua eta politika faxista bihurtzen ari zela agerian zegoen.

Erantzuna gogorra izan zen Espainia osoan: Katalunian Companysek Errepublika Katalana hotsegin zuen; Madrilen ere iskanbilak handiak izan ziren eta, gehienbat, Asturiasko meagizonen artean, lehen aipatu genuenez.

Euskal Herrian EAJk ez zuen deirik egin grebarako; baina ELAk bai.

Espainiako harmadak mugimendu guztiok menderatu eta ito zituen.

Gobernua geroz eta faxistago egiten ari zen.

Gobernu faxista harentzat nazionalismoak ziren beren asmoentzako kalterik handienak.

Ba dakizu zeinen chauvinistak izan ohi diren faxistak.

Euskal Estatutoa urte betez isilik eta lurperaturik daukate Korteetan.

Calvo Sotelok garbi esan zuen 1935ko urrian Donostiako Urumea pelotalekuan: Prefiero una España roja a una España rota.

1935ko abenduaren 31an gobernuak krisialdi handi bat izan zuen.

1936ko urtarrilaren 15ean ezkertiarrek elkargo bat antolatu zuten hauteskundeei begira: Frente Popular.

Amnistia, lurlagintza eraberritzea eta Estatutoak errespetatu edota ematea zuen Frente honek bere helburua.

1936ko Otsailean ospatu ziren hauteskundeetan Frente Popular honek arrakasta handia izan zuen Espainian.

Apirilaren 16an berriro aurkezten duten Estatutoa Korte berrien aurrean.

Hauek antolatu zuten Batzordeko buru Prieto zen eta Jose Antonio Agirre idazkari.

Batzorde honek legezkotzat jotzen du 1933an Euskal Herriak onartu zuen Estatutoa, Araba ere sarturik.

Baina eskuindarrak ez daude geldirik.

Bloque Nacional, Junta Suprema Carlista, Falange Española eta Ejerzitoko talde handi batek (Mola, Yague, Goded eta Franco buru zirela) iraultza faxista bat prestatzen hasi ziren.